1. Izena

    Elkartearen izena Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea da.

  2. Helburuak

    Elkartearen helburuak honako hauek dira:

    • Berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatzea, indartzea eta bultzatzea.
    • Hizkuntza komisarioen bulegoen artean, esperientzia, ezagutza eta harremanak partekatzea.
    • Hizkuntza komisarioen bulegoetan, informazioa elkarri emateko eta elkarrengandik ikasteko ohitura sortzea eta plataforma bat eskura jartzea, kideen artean praktika onak sustatzeko eta hizkuntza-eskubideen babes handiagoa lortzeko lagungarria izango den ezagutza-base sendo bat sortzeko.
    • Hizkuntza komisarioen eginkizunari eta garrantziari buruzko ezagutza eta kontzientziazioa handitzea, batez ere, gobernuetan, estatu-agentzietan, akademietan, hedabideetan eta, oro har, biztanleen artean.
    • Elkarteak hizkuntza komisarioen bulegoak sortzeko irizpideak etengabe berrikusteko prozesu bat zehaztu, argitaratu eta burutzea, ezarritako baldintzak betetzen dituzten bulegoak ezagutzera emateko.
    • Hizkuntza ordezkariaren bulego bat sortu edo hizkuntza-eskubideak bultzatu nahi dituzten eskualdeei laguntzea.
    • Prestakuntza, aurrerakuntzak eta lan-trukea egiteko aukerak partekatzea.
    • Hizkuntza-eskubideak sustatzea helburu duten azterlan enpirikoen berri elkarri ematea.
  3. Kide izateko baldintza zehatzak

    Honako hauek izan daitezke elkartearen kide:

    1. Dublinen (Irlanda), 2013ko maiatzaren 25ean izandako elkartea inauguratzeko biltzarrean ordezkatuta zeuden hizkuntza ordezkariak, hor adostutako elkartearen estatutuak sinatu dituztenak.
    2. Hizkuntza komisarioen bulego oro, elkartearen iritziz, hizkuntza ordezkaria izateko baldintzak betetzen dituena. Baldintzak eranskinean daude jasota.
  4. Zuzendaritzako karguak
    1. Elkarteak lehendakaritza eta idazkaritza karguak ditu. Lehendakariak (gizona edo emakumea) elkartearen kide izan behar du.
    2. Elkarteko kideek proposatu, lagundu eta hautatuko dituzte lehendakaria eta idazkaria, urteko biltzarrean. Kargua hurrengo urteko biltzarra bukatu arte ez dute utziko. Karguari uko egiteagatik edo dimisioa aurkezteagatik plaza librerik geratzen bada, elkarteak kideen artean hautatu ahal izango du ordezkaria. Lehendakariak eta idazkariak, agintaldia amaitu ondoren, berrautaketara aurkezteko aukera izango dute eta karguan jarraian bi agintaldi bete ahal izango dituzte. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengoak emandako botoen bidez hartuko dira.
    3. Elkarteak beste kargu batzuk izendatu ahal izango ditu, une batean beharrezkoa izanez gero. Gehienez ere, lau kargu izango dira.
  5. Kide izatea
    1. Kide izatea estatutu hauei jarraikiz zehaztuko da. Kide orok eranskinean ezarritako irizpideak –hizkuntza ordezkari izateko– bete beharko ditu.
    2. Elkarteak bertaratutako kideen gehiengoak emandako botoen bidez onartuko ditu elkarkidetzeko eskaerak.
    3. Idazkariak informazioa helaraziko die elkarteko kideei.
  6. Izen-ematea
    1. Elkartean izena emateko, kide bakoitzak hasierako kuota bat ordainduko du, 10 euro edo baliokidea.
    2. Ondoren beste kuota bat ordaindu behar izanez gero, hala badagokio, elkarteak zehaztuko du horren zenbatekoa, noizean behin.
  7. Uko egitea
    Kide batek uko egin ahal izango dio elkarteko kide izateari. Erabakia idatziz jakinarazi beharko du.
  8. Kanporatzea
    Elkarteak kide bat kanporatu ahal izango du, horrek, elkartearen iritziz, kide izateko ezarritako baldintzak dagoeneko betetzen ez dituenean. Kide bat kanporatzeko, kideen bi herenek hala erabaki behar dute.
  9. Urteko Biltzarra
    1. Urtean behin, elkarteak Urteko Biltzarra –aurrez aurrekoa edo bitarteko elektronikoen bidez– antolatuko du. Edukia honako hau izango da:
      1. Lehendakariaren txostena, aurreko ekitaldian burututako jarduerei buruz.
      2. Lehendakaria eta idazkaria hautatzea.
      3. Elkartearen lanerako plana, hurrengo urterako.
      4. Beste edozein jarduera, elkartearen helburuak bultzatzeko.
    2. Idazkaria edo, hau kanpoan balego, elkarteko kide batek bere ordez, urteko biltzarreko akta egingo du, kide guztiei hilabeteko epean bidaltzeko.
    3. Elkarteak edozein Ombudsman, komisario edo akademiko ospetsu gonbidatu ahal izango du, baldin eta, bere iritziz, lagungarria izan badaiteke elkartearen helburuak betetzeko. Gonbidapena herrialde eleaniztunetako goi mailako funtzionarioei ere luzatu ahal izango zaie, hizkuntza komisarioekiko interes positiboa erakusten badute.
  10. Hizkuntzak
    Elkartearen lanerako hizkuntza ingelesa izango da eta sorrera-agiriak kideen hizkuntza ofizial guztietan jarriko dira eskura. Kideek hitzartutako agiriak ekarriko dituzte, hizkuntza ofizialean edo hautatutako hizkuntzetan, elkartearen webgunean txertatzeko. Elkartearen biltzarrak ingelesez egingo dira eta bilera egingo den eskualdeko hizkuntzan.
  11. Estatutuak eta/edo irizpideak aldatzea
    1. Estatutuak eta eranskina urteko biltzar orokorrak emandako ebazpenaren bidez aldatu ahal izango dira, baldin eta ebazpena bertaratutako kideen gehiengoak onartzen badu.
    2. Estatutuetan edo agendan egin behar den aldaketa elkarteak onartu bezain laster jarriko da indarrean, besterik adierazi ezean.

 

 

ERANSKINA

ELKARTEKO KIDEAK ONARTZEKO IRIZPIDEAK

  1. Kide izateko baldintzak

Printzipio gidariak

Elkarteak hizkuntza ordezkari gisa eta elkarteko kide gisa onartua izateko aukera ematen die honako eginkizun hauek –guztiak edo batzuk– betetzen dituzten erakundeei: dagozkien eskumenak erabiliz erakundeek iker ditzaketen organoen aurka jarri diren eta hizkuntza-eskubideekin zerikusia duten kexak aztertzea, ebaztea eta gomendioak ematea. Halaber, elkarteak onartu ahal izango ditu kontsulta-erakundeak, hizkuntzarekin loturiko eskubideak eta betebeharrak betetzea egiaztatzeaz arduratzen direnak.

Elkarteko kide izateko aukera ez da hizkuntza ordezkaria terminoa izenean duten erakundeentzat bakarrik. Izan ere, badago aukera herriaren defendatzaile bat (Ombudsman) edo antzeko erakunde bat elkarteko kide izateko, baldin eta hizkuntza-eskubideekin zerikusia duten kexak izapidetzen baditu, eta hori bere legezko aginduaren zati bada, edo bere lanaren zati handian hizkuntza-eskubideen gaiak jorratzen baditu.

Irizpideak
Hizkuntza komisarioen bulegoak onartzeko irizpideak honako hauek dira:

Eginkizuna: Ombudsman bezala, kontsulta-erakunde bat edo hizkuntzarekin zerikusia duten eskubide eta betebeharrak betetzea egiaztatzen duen erakunde bat izan behar du.

Mendekotasunik eza: erakunde independentea izan behar du bere eginkizunak betetzean.

Justizia: erakundearen helburua inpartzialtasuna balio nagusi gisa bermatzea izango da.

Gardentasuna: erakundeak gardena izan behar du bere eginkizunak betetzean.

Kontuak ematea: erakundeak kontuak emango dizkie herritarrei eta dagokion parlamentuari.

Gobernantza

Hizkuntza ordezkariek beren eginkizunak betetzean ezarritako arauak eta gobernantza onaren printzipioak errespetatuko dituztela eta esleitu zaien lege-aginduaren lerroa jarraituko dutela espero du elkarteak.

Onarpena

Hizkuntza ordezkari batek elkarteko kide izateko baldintzak betetzen dituen edo ez elkarteak erabakiko du, modu diskrezionalean.